GAUZA BERA DIRA HAUR ESKOLAK, HAURRESKOLA, HAURTZAINDEGIAK ETA LUDOTEKAK?
Aurrekariak
Haurrak eskolatzeko adina aurreratu egin da progresiboki emakumea lan-merkatuan sartzen hasi zenetik. Egun, 6 urtetik aurrera haurrak derrigorrez eskolatu behar dira, baina 4 hilabete eta erdi dituztenetik ere eskolara eraman daitezke. Aldaketa sozial honek familien aldetik eskaera berriak eragin ditu, hain zuzen ere, «lana eta familia bateratu ahal izateko».
1991. urteaz geroztik, Hezkuntza Ministerioak zein Autonomia Erkidegoetako Hezkuntza Sailek haur hezkuntza 0 eta 6 urte bitartean gauzatu dadin ahaleginak egin dituzte. Urte hartan ezarri ziren haur hezkuntzako ikastetxeen funtzionamendurako gutxieneko betebeharrak. 2006. urtera arte, ordea, ez zen Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloari (3-6 urte) dagokion Curriculumaren Proiektua (gutxieneko edukiak edo irakaskuntzak) garatu. Ezarritako gutxieneko betebeharrekin batera, curriculumak kalitatezko hezkuntza bermatzen du, goi-mailako gainerako zikloetan bezalaxe. Horrela, Bigarren Zikloa ikastetxeetan (publikoak eta pribatuak) txertatu zen, aurretik derrigorrezko beste hezkuntza zikloak eskaintzen zituztelarik. 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Lehen Zikloa, hala ere, ez zen 2009. urtera arte sakon landu.
Urte hartan, Curriculumaren Proposamenaren gutxieneko edukiak zehaztu ziren eta 0 eta 3 urte bitarteko haurren eskolatzea progresiboki ezartzen hasi zen. Une hartan amaitu zen unibertsitateaz kanpoko erregimen orokorreko irakaskuntza maila guztien antolamendua.
Egungo egoera
Azken 20 urteotan haur hezkuntzako ikastetxe desberdinak sortu dira familia langileen eskaerei erantzuteko xedearekin. Hori dela eta, izen eta betebehar desberdinak dituzten askotariko haur ikastetxeak ditugu egun: Haur Eskola baimendua, haurreskola, haurtzaindegia eta ludoteka… Kontuan izan behar dugu ikastetxe guztiak ez direla berdinak, guztiek ez baitute indarrean den araudi bera bete beharrik. Horrenbestez, funtsezkoa da gure seme-alabentzat nahi dugun ikastetxea dagokion autonomia erkidegoaren baimen ofizialaren jabe den jakitea.
Euskadiko Autonomia Erkidegoan haur hezkuntzako ikastetxe ugari daude: Haurreskola, Haur Eskola baimendua, haurtzaindegiak eta ludotekak. Euskadin berriki “Haur Etxeak” proiektu pilotua sortu du Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak.
Alde batetik, 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeak ditugu. Ikastetxe horiek, publikoak (Haurreskola) edo pribatuak (Haur Eskola baimendua) izanda ere, hezkuntza-zerbitzu arauzkoa eta etengabea eskaintzen diete zero eta hiru urte bitarteko haurrei, autonomia erkidego desberdinek etapa horretarako egindako curriculumak xedatutakoaren arabera. Bestetik, Haur Hezkuntzako izaera ez duten ikastetxeak daude, hots, ez dute hezkuntza-edukirik ematen, soilik haurren aisiaz, arretaz eta zaintzaz arduratzen dira, esaterako, haurtzaindegiak eta ludotekak.
Bi ikastetxe mota horien arteko desberdintasun handiena da haurtzaindegiek edo ludotekek ez dutela Hezkuntza Sailaren homologaziorik eta, ondorioz, irakaskuntza-sistema araututik kanpo daude. Haurrentzako jolaserako gune bat zabaltzeko beharrezkoa den udal lizentzia eskuratu behar dute, horretarako, Udalak eskatzen dituen arauak betez.
Haur Eskola baimenduek eta haurreskolek udal araudia bete behar dute nahitaez eta, halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eskatutako zenbait baldintza bete behar dituzte, ikastetxeak kalitatezko gutxieneko estandarrak betetzen dituela ziurtatzeko, bai eskaintzen duen hezkuntza-zerbitzuari dagokionez, bai zerbitzua eskaintzen duten langileei eta erabilgarri dituen instalazio eta ekipamenduari dagokionez ere. Hezkuntza Saileko ikuskaritza zerbitzuak soilik Haur Eskola baimenduak kontrolatzen ditu, beren zerbitzua behar bezala eskaintzen dutela egiaztatzeko.
Jarraian, egun existitzen diren haurrentzako ikastetxe desberdinak konparatzeko koadroa ikus daiteke:
Araudiaren araberako betebeharrak
0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeen jarduna Estatu, Eskualde (Autonomia Erkidegoa) eta tokiko (udala) esparruko araudiek arautzen dute.
HEZKUNTZA SAILA (Estatu eta Eskualde esparrua)
Gaur arte, betebehar horiek 1991ko Dekretuak arautzen zituen oro har, hots, unibertsitateaz kanpoko erregimen orokorreko irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak zehazten dituena. 1997. urteaz geroztik, ordea, autonomia erkidegoek hezkuntzaren arloko edukiak garatzeko eta aipatu zikloa eskaintzen duten ikastetxeen betebeharrak arautzeko eskumenak dituzte. Euskadin 297/2002 DEKRETUAK jasotzen ditu betebeharrok. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 3 betebehar nagusi finkatu ditu:
Profesionalen titulazioa:
Zero eta hiru urte bitarteko Haur Eskoletako profesionalek hiru urtetik beherako haurrei hezkuntza-arreta eskaintzeko kualifikazioa izan beharko dute. Profesional horien titulazio-baldintzak honako hauek izango dira, kasuak kasu:
a) Haur Hezkuntzan espezializatutako irakasle titulua edo Haur Hezkuntzan goi-mailako Teknikari titulua izatea.
b) 0 eta 3 urte bitarteko Haur Eskoletako Hezitzaileek honako hizkuntza-eskakizun hauek egiaztatu beharko dituzte, irakaskuntza eredu elebidunaren arabera: Hezkuntzako 1. hizkuntza-eskakizuna eta 2. hizkuntza-eskakizuna edo horien baliokideak.
Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duen ikastetxeko hezitzaileen kopurua, ikasgelen kopurua gehi bat izan beharko da.
Ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua (ratioak).
Ikasgeletako gehienezko ikasle kopurua ikasle horien adin taldearen arabera finkatutako kopurua izango da eta kopuru hori desberdina da autonomia erkidegoaren arabera. Euskadin honako hauek dira kopuruak:
a) 0 eta 1 urte bitarteko haurrak: Adin tarte honetan, ikasgela bakoitzeko 8 haur izango dira gehienez.
b) 1 eta 2 urte bitarteko haurrak: Adin tarte honetan, ikasgela bakoitzeko 13 haur izango dira gehienez.
c) 2 eta 3 urte bitarteko haurrak: Adin tarte honetan, ikasgela bakoitzeko 18 haur izango dira gehienez.
d) 0 eta 2 urte bitarteko haurrak: Adin tarte honetan, ikasgela bakoitzeko 7 haur izango dira gehienez.
Instalazioak
Hezkuntza Sailaren baimena eskuratzeko, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako instalazioek zenbait baldintza bete beharko dituzte.
a) Ikastetxea soil-soilik hezkuntza-erabilera duten lokaletan kokatuko da eta kanpoaldetik sarrera bereizia izan behar du.
b) Gela edo unitate bakoitzak bere ikaskuntza ikasgela izan beharko du, eta ikasgelak haur bakoitzeko bi m2-ko azalera izango du; inoiz ezingo da 30 m2 baino txikiagoa izan.
c) 2 urtetik beherako haurrentzako ikasgelek gune berezi bat izango dute haurrek atseden hartzeko eta beste gune bat, berriz, higienerako.
d) 2 eta 3 urte bitarteko haurren ikasgelek, aldiz, ikasgelatik sarrera duen komuna izan beharko dute.
e) Ikastetxeak 30 m2-ko azalera duen erabilera anitzeko aretoa izango du.
f) Ikastetxeak elikagaiak prestatzeko gune egokia izango du, bai eta ikastetxeko langileentzako komunak ere, haurren komunetatik bereizita.
g) Haurrek jolastoki esklusiboa izango dute eskuragarri ikastetxean eta jolastoki horrek 75 m2 izango ditu gutxienez. Patioa behar bezala hesituta egon beharko da, haurren segurtasuna bermatu dadin.
Ikastetxearen hezkuntza-proiektua.
Haur Hezkuntzako ikastetxeak adin tarte honetako haurren hezkuntza-beharrak aseko dituen proiektu pedagogikoa izan beharko du halabeharrez, eta proiektu hori Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan jasoko da. Proiektu horretan ikastetxearen baloreak azalduko dira, eta baita ere curriculumaren proiektua nola garatuko den, ikastetxeak zein giza baliabide eta material dituen, ebaluatzeko eta jarraipena egiteko irizpideak zeintzuk izango diren, eta hizkuntza, aniztasuna eta berdintasunaren tratamendua zein izango den. Proiektuan jasotakoak lagungarri izango dira ikasleek haien adinari dagozkien gaitasunak lortzeko.
UDALA (tokiko esparrua)
Udal bakoitzak Haur Eskolek edo haurrentzako jolaserako guneek bete beharreko zenbait baldintza eskatuko ditu irekitzeko lizentziak eman aurretik. Horren haritik, Bilboko Udalak betebehar espezifikoak eskatzen ditu instalazioei, baldintza higienikoei, osasun baldintzei eta bizigarritasun baldintzei dagokienez, bai eta segurtasunari eta irisgarritasunari dagokionez ere. Eusko Jaurlaritzak aurretik instalazioek bete beharreko baldintzak xehatu zituenez, baldintza horiek udalek ezarritako baldintzei erantsi behar zaizkie. Dolaretxe Haur Eskolari dagokionez, honako hauek dira Bilboko Udalak eskatutako baldintzak:
Instalazioak:
Udalaren jarduera lizentzia jasotzeko, honako ezaugarriak izan beharko dituzte haur eskola, haurtzaindegi eta ludoteka guztiek:
a) Ataria.
b) Langileentzako aldagela.
c) Beharrezkoa izanez gero, azterketarako edo isolatzeko gela; horretarako, bulegoa ere erabil daiteke.
d) Bulegoa: bulegoa jartzeko eremu bat izango da, 7 m2-koa gutxienez.
e) Langileentzako komunak (1.20 m2-koak gutxienez): komuna eta konketa, apaindura iragazgaitzak, azido eta alkalien eraginaren aurrean iraunkorrak, aireztapena kanpoaldera, naturala edo artifiziala. Komun-aurrea aldagela gisa erabili ahal izango da.
f) Egunean 300 bazkari baino gehiago prestatu edo zerbitzatuz gero, sukaldeko langileentzako komunak eta aldagelak egokitu beharko dira. Egunean 300 bazkari baino gutxiago emanez gero, gainerako langileekin partekatu ahal izango dituzte. Egunean 300 bazkari baino gehiago prestatuz gero, pertsonak eta merkantziak sukaldera sartzeko sarrera bereizia izango da.
g) Ikasleentzako konketa eta komun esklusiboak; hogei ikasleko komun bat gutxienez, konketarekin eta altuera egokian kokatuta. Haurrak behar bezala garbitzeko bainuontzia edo dutxa bat ere izan beharko da. Gela/ikasgela bakoitzeko komun bat izango da.
h) Jolaserako gelak/ikasgelak 30 m2 izango ditu gutxienez, 2 m2 bakoitzeko haur bat sartuz.
i) Lokal guztiek apaindura iragazgaitzak eta erraz garbitzekoak izango dituzte, eta azido eta alkalien eraginaren aurrean iraunkorrak izango dira. Altzariak eta tresneria garbitzen eta desinfektatzen errazak izango dira.
j) Argiztapena egokia izango da.
k) Aireztapena: aireztapen natural eta zuzena eskainiko duen sistema eraginkorra izango da, eta airearen guztizko bolumena orduko gutxienez sei alditan berritzea bermatu beharko du. Leihoak derrigorrezkoak izango dira eta leihoen tamaina lokalaren guztizko azaleraren zazpiren bat edo handiagoa izango da.
l) Berogailua: berogailu-sistema eraginkorra izango da, neguan gutxienez 20 ºC bermatuko dituena eta arriskurik eragingo ez duena.
m) Logelak: urte batetik beherako haurrak izanez gero, derrigorrezkoak izango dira; 2.50 m-ko garaiera eta haur bakoitzeko 1.5 m2-ko azalera izango dute gutxienez.
n) Sukaldea / Elikagaiak biltegiratu eta manipulatzeko eremua: elikagaiak biltegiratzeko eta manipulatzeko eremua izango da halabeharrez, eta eremu horrek gutxienez 7 m2-ko azalera izango du.
Profesionalen titulazioa
Udalak jarduera lizentzia eman dezan, haurtzaindegian edo ludotekan lan egiteko ez dago inolako titulazio betebeharrik.
Ikastetxe bakoitzeko ikasle kopurua (ratioak)
Udalak jarduera lizentzia eman dezan, ez dago ikasgela bakoitzeko haur kopuruari lotutako inolako mugarik.
Hezkuntza-proiektua
Udalak jarduera lizentzia eman dezan, ez du ikastetxearen hezkuntza-proiektua lantzeari buruzko inolako betebeharrik eskatzen. Baldintza horiez gain, udal bakoitzak, osasun zein segurtasun arloan bereziki, ezarritako beste betebehar espezifiko batzuk bete beharko dira.
NOLA AUKERATU 0 ETA 3 URTE BITARTEKO HAUR HEZKUNTZAKO IKASTETXE BAT?
0 eta 3 urte bitarteko ikastetxe baten bila hasi aurretik, garrantzitsua da aldez aurretik adierazitako betebehar garrantzitsuenak betetzen direla jakitea. Honako galdera hauek haur eskola baloratzeko lagungarriak izan daitezke: a) Langileek haur hezkuntzako titulazioa dute?
b) Zenbat ikasle daude ikasgela bakoitzean (ratioa)?
c) Zenbait hezitzaile daude ikasgela bakoitzean?
d) Ikasleak adinaren arabera bereizita daude?
e) Instalazioak seguruak diren eta indarreko legeria betetzen duten egiaztatu.
f) Ba al da Hezkuntza Proiekturik?
g) Funtzionamendurako arauak ditu?
h) Langileek lehen sorospeneko trebakuntza dute?